Skip to main content

Lautada Ikastola duela 14 urte sortutako guraso hezkuntza-kooperatiba gara. Zehazki, 2008an jaio zen Lautada Ikastola eta gaur egun, 22-23 ikasturtean, 2-16 urte bitarteko 252 ikasle hartzen ditu, lerro bakarrean, 27 irakaslez osaturiko klaustroarekin, 162 familia aktibo eta beste hainbeste kooperatibista.

Ikastolaren sorrera konplexua izan zen, baina ez zen inoiz ilusioa galdu. Hasieratik curriculumean eta proiektu pedagogikoan jarri genuen gure lehentasuna. Lehendabiziko eginbeharra helburuak ezartzearena izan zen, horiek lortzeko zereginak finkatuz eta formakuntzak eginez. Funtzionatu duena mantendu dugu eta hobekuntza proposamenen bidez ekintza eta proiektu berriak txertatzen joan gara. Pixkanaka gure proiektu pedagogikoa sortzen, hobetzen eta zabaltzen joan gara. Gauzak horrela, esan dezakegu gure proiektuaz harro gaudela eta gure egitura pedagogikoa hobetzeko gogoa nabarmena da.

Bereziki euskalduna ez den inguru batean, euskara da erabilera eta harremanetarako hizkuntza nagusia. Euskaraz bizi gara eta, familien eta irakasleen arteko elkarlanean oinarrituz, haurren zein nerabeak euskaldun eleanitz gisa hazi eta hezi daitezen D ereduko markoa eta baldintzak eskaintzen ditugu.

Herritik sortuak eta herriarentzat egin nahi dugu lan, Aguraingo eragile sozial izan nahi dugu eta gure herriko euskalduntze-prozesuan agente aktibo izatea dugu helburu. Honetarako, gainerako eragileekin elkarleanean aritu nahi dugu eta horretarako prestutasun osoa dugu.

14 urteko historia honetan, zailtasunak gaindituz, Aguraingo familiei kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaini diegu eta horrela jarraitu nahi dugu.